logo-ArapedeArapèdes
associés

croquis-chien blancwww.pierrecarles.org


Atzekoz Aurrera. Pierre Carles. Dokumental egilea

« Kritikatzeko, lehenik jakin behar da »

09-12-2014, Nora Arbelbide

Komunikabide handiek uste ez bezala, « ortodoxoak » ez diren pentsalariekiko interesa piztea « arras posible » dela uste du Pierre Carlesek. Horretarako egin du ’Les ânes ont soif’ film dokumentala.


Frantziako komunikabide nagusiei begira lan kritiko bat osatzen dabil aspaldian Pierre Carles dokumental egilea. Haren Pas vu pas pris (Ez ikusia, ez harrapatua) dokumentalak 160.000 sartze egin zituen zinema aretoetan. Geroztik, filmak egitetik bizi da. Operation Correa (Correa operazioa) dokumental sortako lehen atala da Les ânes ont soif (Astoak egarri dira). Urruñan (Lapurdi) aurkeztu du asteburuan. Interneten ikusgai dago. Finantzatze kolektibo bat abian jarri du dokumental sailarekin jarraitzeko.

Ororen buru, Rafael Correa aitzakia bat da, zentsura trakets baten froga. Behar duen guztia badu Correak Parisko prentsari begira, baina kasik nehork ez zuen elkarrizketatu Parisera joan zenean.

Bai, hala da. Frantsesez mintzo da. Ekonomialaria da, eta maitatuak dira ekonomialariak. Eta batez ere, estandarrei begira, salbuespenezko emaitza ekonomikoak dauzka agintzen duen herriak. Baina ez dute gonbidatu. Zentsura argi bat dago hor. Kontua da politika biziki boluntarista duela Ekuadorrek. Estatuaren esku hartzea handia da. Hemen, berriz, etengabe ari dira erraten estatuaren esku hartzea txikitu behar dela, osasun eta gizarte gaietarako aurrekontuak murriztu behar direla... Correak alderantzizkoa egin du, eta funtzionatzen du. Informazioaren arduradunentzat onartezina da hori. Hainbeste esplikatu dute austeritate politikak eta pribatizazioaren aldekoak direla bakarrik bideragarriak, non ezin onartua baitzaie metodo horiek erabili ez dituen batek erreusitzea. Hori eztabaidatzea baino, nahiago dute ez aipatu.

Zure filmak uzten du halako sentsazio bat, biziki Correaren aldekoa zarela ; gehiegi agian, edo ?

Correaren aldekoak gara, bai. Oraindik ez dugu egin tokiko inkestarik. Ikustekoa dugu zinez zer egin duen Correak [filmaren bigarren gertaldiaren gaia izanen dute hori]. Baina, dena den, aldekoa izate hori ez da larria. Hain ezkutatua den kontu bat aurkezten delarik, lehen urratsa gaia aipatzea da, onginahi batekin baldin bada ere. Gero, eztabaidarako atea irekirik utziz. Baina aipamen lan hori ere ez dute egiten komunikabide nagusiek. Alta, ezin da kritikatu Correak egin duena, zer egin duen jakin gabe.

Ivan Levai komunikabide nagusien munduan ezagun den kazetari frantsesa elkarrizketatu duzu ; hark dio ezin zaiola edaten eman egarri ez den asto bati, ikuslea astotzat harturik. Zein irakurketa egiten duzu ?

Ivan Levaik dioena, nonbait, beldurgarria da. Zinikoa da. Badaki biziki ontsa hori erranez gutaz trufatzen dela. Baina, aldi berean, egiaren parte bat agertzen du hor. Ez dena arras egia, baina ez dena arras gezurra ere. Latinoamerikako esperientzia ezkertiar eta progresistak ez baldin badira nehoiz aipatzen, publikoak ez du horretaz informaziorik eskatuko. Gure irakurleei, ikusleei eta entzuleei zer eman behar zaien jaten erabakitzen duela dio nonbait. Informazioaren arduradunek dutela erabakitzen zerk gaituen interesatzen, eta zerk ez. Eta horretan, nonbait, arrazoia du. Serioski hartu behar da. Soilik gauza batzuk entzuteko ohitura sarraraziz, galdeketa bat egiten baldin badugu, ohiz kanpoko ahotsak entzun nahi diren galdetzen badugu, ezetz ihardetsiko digute entzule, ikusle eta irakurleek. Ez baitakite existitzen direnik ere.

Aldiz, dokumentalean, ororen buru, Ivan Levai da irrigarri agertzen.

Bai, testuinguru horretan bere buruaz trufatzea zen gure asmoa. Alimalekoak botatzen dituela eta gutaz trufatzen ari dela ohartaraztea. Funtsean, film honetatik ez da ongi ateratzen Ivan Levai. Bukatu, eta ez dira anitz defendatzen dutenak.

Zuhaurrek erran izan duzu film hau pixka bat zaintsua dela, haserre batetik jalgia edo...

Laster agertzen da nor den gaiztoa, nor den sinpatikoa ; western batean bezala da... [irriak].

Zeure buruari plazer egiteko aukera bat izan da ?

Bai nonbait. Kaltegarriak diren jende mota horrekin ez da arranguratu behar. Ezagunak ez diren batzuk elkarrizketatzean, ez litzaidake hain egokia irudituko horien karikatura egitea. Baina Ivan Levai bezalakoak direlarik, komunikabide nagusien ateak beti irekiak dituztenak direlarik, ez da larria. Haien komunikabideetan nahi duten guztia konta dezakete. Botere anitz dute, eta defendatzeko baliabideak. Beti ukanen dute telebistan edo irratian mintzatzeko aukera. Pierre Carles urde zikin bat dela ihardesteko posibilitatea.

Ez dutela arrazoi frogatu nahi duzu nonbait ? Usaiako ideiekin bat ez datozen ahotsak nahi direla entzun erakutsi ?

Pierre Bourdieu soziologoaz film bat egina izan dut. Haren liburu gehienak irakurgaitzak izan daitezke. Bourdieuz film bat eginez, pasatzaile lanetan aritzen naiz. Ikusleari gosea pizteko, ondotik, Bourdieu irakurtzera joan dadin. Jendearen gogoa piztea arras posible da, usaian entzuten ez dutena entzutera joan daitezen.

Prentsa irakurketan Le Monde Diplomatique zergatik ez den nehoiz hartzen galdetu diozu Christophe Barbier L’express aldizkariko buruari. Hark ihardetsi dizu ideiak konplexuegiak dituela, eta ez litzatekeela zerbitzu egitea hilabetekariari, kontra zentzu arriskuengatik.

Hori dio, bere zerbitzuko. Bere aldizkarian alderantzizkoa egiten baitu. Ez du nahi irakur dezagun Bourdieu, Chomsky edo ortodoxoak ez diren beste pentsalari batzuk. Gogo hertsikoak izatea nahi du hark.

Voir cet article sur www.berria.eus


Soutenez le site

en achetant le DVD
« 10 petits films pour Strip-tease »

Ou par chèque, à l’ordre de : Arapèdes associés, au 73 bis impasse des Palmiers, 83140 Six-Fours.
Par virement bancaire, pour cela, contactez-nous
Merci pour votre soutien !

Le DVD : 28 €
DVD + clé USB : 48 €
Soutien : montant libre